XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ebaluazio horiek bistaratu zuten ekonomilarien ikuspegien artean adostasun harrigarri bat zegoela.

Nahiz eta biztanlegoa hazteak garapenari laguntzen ziola uste zutenak asko ez ziren, ia aho batez zioten denek garrantzi handiegia eman zitzaiola fenomeno horri eta, batez ere, gutxietsi egin zela ekonomiak bere egiturak egokitzeko duen gaitasuna.

Alarma-deia

Baina ekonomilarien artean arrisku demografikoari hainbesteko garrantzirik ez emateko joera bat baldin bazen ere, ingurugiroaren ikertzaileek, Ehrlich eta Hardigek, esaterako, alarma-deia egin zuten.

Gure ihardun ekonomikoa biosferako baliabide mugatu eta ahulen baitan dagoela gogorarazi ondoren, gure ekintzek egoera horrek ezarritako mugak gaindituak zituztela zioten eta planetako ekonomia bere kapital ekologikoa jaten ari zela arduragabekeria kriminal batez.

Ikuspegi honi eutsi zioten etengabe Ehrlich eta Hardingek hirurogeigarren hamarkadaz geroztik eta Erromako Klubaren txostenean, Hazkundearen Mugak izenekoan, erabilitako analisi sistemikoaren ereduan bilduta daude horien ideiak.

Txosten horrek, fama handikoa hirurogeita hamargarren urteetan, ondoriotzen zuen porrota mundu osokoa eta saihestezina izango zela, gauzak errotik zuzentzen ez baziren, berez baitzekarten hondamendia gure erlazio sozioekonomikoen egiturek eta ingurugiroarekiko jarrerek.

Gizarte-zientzietan adituek azkar aski arbuiatu zituzten Erromako Klubaren ondorioak, parametro bakoitza arreta handiagoz analizatzeko eskatuz.

Alabaina, laurogeigarren hamarkadan ingurugiroaren arazoak ugaritu zuenak indarberritu egin zuen ekologisten jarrera.

Bata bestearen atzetik etorri ziren uda beroek, lehorteak, euri azidoak, uren kutsadurak, goseak eta ozono-geruzaren mehetzeak egiaztatu egiten zituzten, zirudienez, aurrikuspenik larrienak eta garbi azaltzen zituzten biztanleria handiegiaren arriskuak.

Egia da, bai, ekologistek hazkunde demografikoari galga jartzearen edo erabat aldatzearen alde ateratzen zituzten arrazoien artean batzuek besteek baino indar handiagoa zutela.

Berriro ere zalantza handirik gabe zekartzaten behar bezalako ikerketez ziurtatu gabeko tesiak.

Eskuarteko meak ahitu egingo zirela zioten ekologistek, baina hori gaitzetsi egiten zuten Simon eta honen antzeko ekonomilari batzuek.

Honek zioen historian zehar mee gehienen salneurriak beherakako joera zuela orohar eta lehengaien kostua ekoizpen nazional gordinean finko samarra zela.

Merkatzeko joera hori bera atzematen zen petrolioaren prezioetan ere, OPEPek erabakitako prezio handitzeak kontuan hartzeke.

1980an apostu egin zion jendaurrean Simonek Ehrlichi baietz petrolioaren salnerria jaitsi hurrengo hamarkadan.

1990ean publizitate zabala hartu zuen apostu hura irabazi egin zuen Simonek eta bere saria jaso.

Historiak, bestalde, adierazten du, prezioak garestitzen direnean, ekonomiak murriz diren eskuartekoak beste ugariago batzuez ordezkatzen dituela.

Era horretan erantzuten die ekonomiaren joko libreak merkatuko prezioen zirikaldiei.

Ekologistek esandako beste gauza batzuek ere gehiegizkoak edo goiztiarregiak ematen dute.

Esaterako, esperientziak erakusten du produktuen benetako salneurriak merkatzen ari direla eta janarien bataz besteko ekoizpena biztanleko handitzen.

Goseteak lehenenean baino gutxiagotan gertatzen dira eta maizago izan ohi dira gataska edo errore politikoen ondorio hazkunde demografikoari egotz dakiokeen janari-ekoizpenaren deficitarena baino.

Ezkerretan, Arrozari buruzko Ikerketetarako Nazioarteko Institutuan hobetutako hazien ekoizpena (Filipinak).

Hibrido hauek emankortasun jasokoak izanik, azkar haztekoak eta gaitzari gogor egiten diotenak, Asiako Iraultza berdeari lagundu egin diote.

Behean, gehiegizko ekoizpena desegiten Frantzian.

Herri-ondasunen drama

Dena den, badirudi ekologisten oharrik gehienak aintzakotzat hartzekoak direla, batez ere, haizea, ura, arrantza, lurra, basoak, ozono-geruza eta espezien aniztasuna bezain oinarrizko eskuartekoei dagozkienak.

Eskuarteko hauek neurri batean erabil daitezke hondatu gabe, baina gehiegi ustiatzeak kalte larriak ekar ditzake, merkatuko ekonomiatik at baitaude eta mundu osoak erabil baititzake askatasunez.